Athleticen gaineko euskarazko albisterik zaharrena

josebamoroLamiakoko futbol zelaia, Joseba Mororen ‘San Mames historia eta memoria’ liburuan.

Zein izan ote zen euskaraz Athleticen gainean idatzi zen lehenengo albistea? Non agertu zen? Nork idatzi zuen? Badaukagu horretarako erantzunik. Bilaketa sakonagorik egin bitartean ezin esan seguru behin betikoa denik. Baina zaharragorik agertu ezean, honekin geratuko gara. Eta, bide batez, Euskal Herri osoari egingo diogu galdera: hau ote da futbolaz idatzi zen euskarazko lehenengo albistea?

Athleticen gainean euskaraz aurkitu dugun albisterik zaharrena Ibaizabal astekarian argitaratu zen 1902ko apirilaren 6an. Berri laburra da eta, berau irakurrita, nekez pentsa liteke sport berri hura laster izango zela euskaldunen artean ere errege. Hala ere, bazegoen horretarako zantzurik. Alde batetik, notizia hura kaleratze hutsa esanguratsua da, oso, Ibaizabalen kirola gutxitan ateratzen zelako eta, izatekotan, pilota kontuak baino ez. Bestetik, kazetariak igarri egin zuen hura euskaldunentzat kirol egokia zela.

Albistea ez zen makala: Bizkaian jokatu zen lehenengo nazioarteko futbol partiduaren berri eman zuen. Bordeleko Burdigala eta Bilboko klub biak (Athletic Club eta Bilbao FC) Bizkaia izenpean elkartuta, nor baino nor gehiago jardun ziren. Honela jaso du Joseba Moro Aguayok ‘San Mames historia eta memoria’ liburu berrian:

“1902ko martxoaren 31n, bigarrengoz elkartu ziren Bilbao FC eta Athletic Club, Bizkaia izena hartuta, Bizkaiko lehen nazioarteko partidarako. Aldi hartan, Burdigala taldea izan zen aurkaria; itzuliko partida zen, Bordelen izanak baitziren talde biak, baita bilbotarrek irabazi ere, 0-2. Bilbon, berriz, 7-0 irabazi zuten, eta harrigarria, 3.000 lagun inguru izan ziren ikusten”.

Partidua Lamiakoko (Leioa) zelaian jokatu zen, alegia Athleticek eta Bizkaiak eduki zuten lehenengo futbol zelaian, eta gurean futbola indarra hartzen hasi zeneko lehenengo unea islatu zuen. Honela ikusi zuen Ibaizabal astekariko kazetariak:

“Lengo astelenean jokatu eben Lamiako-ko landan Bilbotarrak eta Burdiostarrak foot ball partidu bat. Emengoak irabazi eben alde andiaz. Pelota kontuetan ichi bakean beti euskaldunari”.

Pilota tartean badabil, kontuz euskaldunakaz! Bazeukan fedea kazetariak bilbotar futbolari haiekin. Eta bazeukan kirol arrotz hura zertan zen azaltzeko premia, herri txikietako jende askorentzat zeharo ezezaguna zen eta. Hori bai, horrexek aditzera ematen du herri handietan bazegoela futbolaren berri. Honela argitu zuen sport arrotzaren mamia:

“Ta oraiñ erri chikietakoak esango dabe ¿zer da foot ball ori? Da, narruzko pelota uts andi bat ostiko-urtika sartutea kontrarioen tokian, mutikoak chapelka elizpietan ibilten direan leguez. Landacho zelai bat da nahikoa joko orretarako”.

Mutikoak elizpeetan txapelka ibiltzen diren legez. Horra futbola zertan den, modu errazean azalduta. Garai batean txotxoen olgeta izaten zen bati txapela kendu eta ostikoka erabiltzea jabea atzetik hartu nahian zebilen bitartean. Hori zen txapelka ibiltzea.

Nork idatzi zuen albistea? Ezin seguru esan, baina astekariko zuzendari eta erredaktorea Ebaristo Bustintza Kirikiño ospetsua zen. Beraz, litekeena da euskal literaturako izen handi hori izatea Athleticen gaineko lehenengo albistearen egilea.

ibaizabal19020406Ibaizabal astekarian agertutako albistea. 1902ko apirilaren 6a.

Alan baguiña beste gauza askotan!

Eta segurutik bigarrenarena be bai. Urtebete geroago, 1903ko apirilaren 19an, Ibaizabalen beste berri bat argitaratu zuten futbolaren gainean. Atzera be, Athletic eta Burdigala aurrez aurre. Honela kontatu zuen Bilboko astekariak:

“Pazkoz bigarrenean jokatu eben Lamiao-ko [sic, Lamiakoko] landan oin-pelota partidua Bilbotarrak eta Burdiostarrak. Arek irabazi eben erraz, iru tanto eguiñaz prantzesak bat eguin eben artean”.

Orduko hartan estuago ibili zen Athletic Burdigalaren aurrean, 3-1. Baina garaipena, beste behin. Bide batez, kazetariak ezin aipatu barik utzi egun haietan irabazitako titulua (Espainiako lehenengo Errege Kopa):

“Lengo asteko eguastenean irabazi eutsen beste bat Madriltarrai Bilbotarrak, alan Españako nagusi gueratuaz. Pelota kontuetan nagusi gara. !Alan baguiña beste gauza askotan!”

Athletic Club 1903

Athletic Clubeko jokalariak eta zuzendaritzakoak, 1902ko eta 1903ko kopekin.

1903ko titulu hura gauza handia izan zen Bilbon. Ez zuten gabarra atera, baina hortxe-hortxe. Berriz ere joko dugu Joseba Mororen liburura:

“Athleticentzat izan zen txapelketa hura, Bilbao FC taldeko jokalari batzuekin batean, Athletic Club izenarekin, Espanyoli 4-0 eta Madrili, finalean, 3-2 irabazita. Orduan egin zioten Athletici lehen ongietorria, Abandoko tren geltokian, Madrildik bueltan. Garellanoko kuarteleko musika bandak ez zuen Alirona abestu, oraindino hamar urte falta baitziren ezagun egiteko; Athletic Clubentzako Jakue maisuak idatzitako pasodoblea jo zuen, suziriak botatzen zituzten bitartean. Madrildik etorritakoan, Iparraldeko geltokitik Zazpikaleetako Kale Barriko egoitzara joan ziren jokalariak eta zuzendaritzakoak, bazkideen eta zaleen gorazarre artean”.

One thought on “Athleticen gaineko euskarazko albisterik zaharrena

  1. Pingback-a: 1902koa da Athleticen gaineko lehenengo euskarazko albistea • ZUZEU

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s